2017/05/25

Ekainaren 24an, Getxo Kantari eguna

Getxotik honako informazioa jaso dugu. Datorren ekainaren 24an GETXO KANTARI eguna antolatu dute. Getxoko Itxas Argia taldearen eskutik egun borobila antolatu digute. 
Egunaren inguruan informazioa guztia jasotzeko, Kantujiraren inguruan, herri bazkaria dela, aparkatzeko lekuak, garraiorako aukera ezberdinak,  edo bestelakorik, honako helbidera jo eta bertan aurkituko dituzue azalpen guztiak:

Dena den zalantzaren bat izanez gero, jarri gurekin harremanetan helbide honetara idatziz:
itxasargiagetxokantari@gmail.com
Besterik gabe, animo Itxas Argiko taldekideei eta egun ederra igarotzeko gonbitea luzatzen diegu euskal kantuzaleei. Aurrera!!!




2017/05/08

Maiatzaren 19an, kantu ekimena Algortan

Azebarri kultur elkarteak antolatuta, datorren maiatzaren 19an, kantu kalejira egingo dute Azebarri kultur elkartetik abiatuta (Euskal Herria kalea, 14 Algorta), arratsaldeko 20:00etatik aurrera. 
Jarraian, kantu-afari ederra prestatu digute. Gaueko 22:00etatik aurrera kantu-afaria tematikoa, kasu honetan XABIER LETEri eskainia. Afaria produktu ekologikoekin eskainiko dute 18 euroren truke. Izena eman nahi dutenek maiatzaren 15a baino lehen idatzi beharko dute helbide honetara: azebarri@gmail.com edo telefonoz deitu zenbaki honetara: 688 65 29 17 
Ekimen erakargarria Algortako Azebarri kultur elkartetik eskaintzen digutena, animatu! 

Arratia kantuz: maiatzaren 12an Diman

Arratiarrak V. kantubirari ekingo diote berriro, oraingo honetan Diman, datorren maiatzaren 12an, arratsaldeko 19:30ean, bertan bilduko dira arratiako kantuzaleak.
Arratia kantuz sasoitsu datorkigu, segi bide beretik!.

2017/05/04

"Lagunekin kantari-2017" egitasmoa Donostian

Urtero bezala, aurten ere Donostian "Lagunekin Kantari" egitasmoa antolatu dute Intxaurrondoko auzotarrek. Donostiako kantu talde ezberdinak parte-hartzeaz gain, kantari esanguratsuak izango dute lekua: maiatzaren 8an Eñaut Elorrieta eta 15ean Mikel Markez.  
Hor duzue informazioa. 
Ekitaldi guztiak irekiak dira, eta doakoak. 
Zorionak eta segi bide beretik!. 

2017/04/27

Maiatzaren 7an Biarritzen "kantalasai berezia" Manex Pagolaren kantuekin


Arroka Biarritz por bruno-bronchain Biarritzeko ARROKA kantu taldearen informazioa jaso dugu, Maiatzaren 7an Manex Pagolaren errepertorioari ekinez KANTULASAI berezia antolatu dute. Hauek dira kantatuko dituzten abestiak: Agur munduari, Ardiak lerro lerro, Azken dantza hau, Eñaut Bidegiorri, Ez dut bilatzen, Gurea da, Irrintzina, Itsaso ondoan, Jo txistua, Kanta aberria, norat joan, Urtxintxak, Xurxuri batean, lanik gabe. Bideo honetan Biarritzeko kantulasai saio bat.

2017/04/24

Baionan Kantuz 20. urteko ospakizuna

Egun ederra, jendetsua, alaia, kantaria azken batean, Baionan bizitakoa. Baionan Kantuz taldearen 20. urteurrena betetzeko ospatutako irudiak dituzue hemen. Berriak ere jaso du bertako informazioa honako artikuluan: 20 urtez, kaleak kantuz Zorionak eta urte askotarako!!!

2017/04/17

2017ko Aberri Eguneko kantujira

Aurten Gernikan ospatutako aberri eguna dela eta, kantujira ere antolatu zuten, eta hemen dituzue jaso ditugun irudiak.

2017/04/02

Baionako hitzordua, datorren apirilaren 22an

Bideo honen bitartez gogorarazten dizuegu datorren apirilaren 22an Baionan, 20. urteurrenaren ospakizuna dugula. Bideo honetan Baiona Kantuz Euskal museoan grabatutako kantusaioa duzue... museoan ere gure errepertorioa entzuteko aproposa dela argi gelditzen da!.

Urdaibai Kantaguneak bere kantu-liburuxka berria argitara eman du

Urte asko darama Urdaibai Kantagunearen taldea kantugintzan lanean, gaurko albistea kantu-liburuxka berria argitaratu duela... Kantu liburuxka hori PDFan duzue KANTUTEGIA atalean. Bideoa orain 3 urtekoa da, Hannoverko ekitaldi batean parte hartu zuten, Alemaniako eta Holandako kantu talde batzuekin batera. Esperientzi hori gogora ekarri nahi izan dugu. Segi aurrera Urdaibai Kantagunea taldea, eta zorionak!

Apirilaren 29an Barañain Kantuz

Barañaingo euskal kantuzaleen gonbitea jaso dugu, datorren apirilaren 29an Barañainen eguerdiko 12:00etatik aurrera Udaletxeko enparantzan hasiko dute kantujira. Talde ederra, giro paregabea, gonbidatuta zaudete denok gure doinu ederrak abestera!!!

Arratia Kantuz ekimenaren egutegia

Arratiatik kantuzaleon informazioa bidali digute, bideo honetan Abenduaren 16an Areatzan egindako kantubira duzue, Otsailaren 24ean Artean aritu ziren kantuan, Martxoaren 25ean Igorren, eta datozen kantubirak hauek dira: APIRILAREN 7an ZEANURIN, MAIATZAREN 12an DIMAN, eta EKAINAREN 18an BEDIAN. Ekimen ederra Arratian antolatutako, eskualde osoa hartzen duena. Bideoan duzue adibide bat. Aurrera Arratia Kantuz!!!

2017/03/30

Mikel Urdangarinen diska berria "margolaria"

Hemen duzue, Mikel Urdangarinek ateratako "MARGOLARIA" diska berriaren aurrerapen bat. Abestia: "ITSASOAN EURIA". Goxatu!!!

2017/03/29

Korrika abestien bilduma Argian

Hemen duzue 1980ko I. Korrikaren abestia. Argiak Korrikako abesti guztiak bildu eta guztion eskura jarri dituzte. Urteetako kantuak, musikak,... korrika egiten lagundu dizkiguten doinuak, goxatu!!!

2017/03/28

Oñatitik Herrixa Kantuan argazkiak

 Oñatin "Herrixa Kantuan" ekimenarekin aurrera doaz. Hauek martxoaren 25ean ateratako argazkiak dira. Herriko kantuzaleak bildu eta eragile ezberdinen artean ekimen erakargarria, irekia, parte hartzailea eta herritarra burutzea lortzen dute. Eragileen artean Txantxiku ikastola, herriko musika eskola, ... eguraldi txarrari aurre eginez (eskerrak arkupe ederrak ditugula Euskal Herrian), kantuan herriko kaleak piztu eta poztu dituzte behin berriro ere. 
Aurten ikastolen Kilometroak jaia ospatuko dituzte bertan, eta ez dira faltako hauen parte hartzea. Zorionak eta segi aurrera kantuan!.


2017/03/20

Baionan Kantuz, 20 urte

Hemen duzue datorren apirilaren 22an, bere 20. urtean Baionan Kantuz antolatu duen egitaraua:
10.30ean, harrera eta apairuen salmenta Espainiako atean.
11.00etan Karriketan Kantuz.
14.00etan, bazkaria Laugan. Izena emateko idatzi helbide honetara: p.urruty@orange.fr / prezioa: 21 €.
17.00etan, Kanta kantari saioa.
19.00etan, Dantza Piko "Patxi ta konpainia" taldearekin.
Ostatu eta talo arraltsaldeko 14.00etatik aurrera.
Informazio guztia hemen klikatuta: Baionan Kantuz

"artxipielagoa" ikuskizun erakargarria

Datorren martxoaren 28an, Iruñean, Baluarte aretoan estrenaldi hau ikusteko aukera egongo da. Ikuskizun honetan bertsolaritza, kantagintza, musika eta irudien proiekzioak uztartuko dituzte artista aski ezagunak, tartean Ainhoa Garmendia, Andoni Egaña, Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal, Belen Ibarrola,...
Ikuskizunak bi zati ditu, lehenean kantu tradizionalagoak sartu dituzte (JM Iparragirre, Jesus Guridi,...), eta bigarrenean berriz aktualagoak (Ken7, Laboa, Lertxundi, Lete,..).
Ikuskizun honen antolaketan Baluarte fundazioa eta euskarabidea elkarrekin aritu dira. Informazio gehiago: Baluarte

"ez dok hiru" euskal musikaren benetako istorioa

«Ze pisutara zoaz?». Igogailuan sartu dira bi pertsonaia: 48. solairura doa bata, 47.ra bestea. Isiltasuna gero. Ezeroso daude biak, zerbait esan behar, eta hasten da bata, azkenean, zerbaitekin: «Itsasoa laino dago». Besteak baietz: «Baionako barraraino». Segi batak: «Eurixe da, ha, ha». Eutsi besteak: «Bai, nausia, euria da/ gure lurra bustia da». Eta erdi kantuan jadanik: «Esan euriari berriz ez jausteko!». Batak segi: «Asteartea, euria goitik behera,/ lanik ez egiteko…». Eta biek bukatu: «… ez goaz lanera!». Euskal musikagintza hartu du ardatz oraingoan Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osatutako antzerki bikoteak, eta ohi duten bezain jostalari eta umoretsu landu dute gaia Ez dok hiru antzezlanean
 Ikuskizun honetan berrehun euskal kanta baino gehiago agertzen dira (zatiak, noski!) eta denak ez bada gehienak, ezagun egingo zaizkizu. “Ez dok Hiru”, kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da, eroa, deskonzertantea, irrigarria azalez… Baina azal horren poro bakoitzari geure musikarekiko maitasuna dario

2017/02/28

Pantxoa Carrere, bakarka "anaitasunean"

Peio eta Pantxoa bikote klasikoa desagertu zenetik, Pantxoa hainbat herritan (Iparraldean batik bat) kantari ibili da, bere dohaiak publikoaren aurrean erakutsiz. Bere bakarkako lehen lana, ANAITASUNEAN aurkeztera datorkigu orain.

Peio Ospital, bakarkako diska berria: "arnasa, hatsa, bizia"

Beste bikote batetik bakarlari baten lan berri bat. Peio Ospital bakarlari modura aurkeztu du bere lan berria, "arnasa, hatsa, bizia". Esperientzi berri bat berarentzat. Peioren kantuetan azpimarratzekoa Andoni Salameroren ekarpenak bere poesiekin. Kuriosoa da Pantxoak ere bere bakarkako lana aurkeztu duela.

2017/02/27

Maider kantura bueltatu da, "zuei" diskarekin

Gogoan al duzue "Alaitz eta Maider" bikotea? ba...musika munduarekin lotura galdu ez arren, berriro datorkigu Maider, oraingoan bakarlari gisa diska berri batekin "ZUEI"... hemen duzue bere aurrerapen bat. Zorionak Maider Zabalegi.

2017/02/20

Ihauterietako proposamen bat: Mundakako aratusteak

Datorren Otsailaren 26an jai zoragarria ospatuko dute Mundakan, aratusteak. Kantuz igarotzen dute egun osoan, alde batetik eguerdian irteten diren ATORRAK, eta ondoren arratsaldeko 18:00etan irtengo diren SORGINAK. Kantatzea maite duzuenok ezin galdu horrelako jaia. Jartzen dizuegun bideoan aratusteko kantu ezaguna! Gora Mundakako Aratusteak!!!

Euskal Herriko Soinuen Mapa

SOINUEN MAPA. Interesgarria benetan musika, kantuak eta abestiak maite dugunontzako. Webgune ireki honetan herrietako soinuak entzungai ditugu, bai jaietako musikak, ihauterietako soinuak, ahotsak, zaratak, ... 
Sartu, kuriositatearen atea ireki eta behatu lasai...
Sartzeko hemen klikatu:
SOINUEN MAPA

Badator Korrika: martxoaren 30etik Otxandiotik Iruñera

Korrikako informazio guztia hemen duzue:  KORRIKA    Bertan Korrikako ibilbidea, abestia karaoke modura kantatzeko, abestiaren partiturak, eta bestelako informazio guztia aurkitu dezakezue... eta badakizue ttipi ttapa ttipi ttapaaa KORRIKA!!!

Ekainaren 24an, Getxo Kantari antolatzen ari dira

Getxoko Itxas Argia elkarteko kantuzaleak lanean ari dira, antolaketa lanetan Getxon kantu egun eder bat bizitzeko. Oraindik guztia lotu gabe badute ere, dagoeneko bidali digute egitarauaren laburpen bat:
12:00etan Kantujira Algortatik, 
15:00etan, Herri bazkaria Bihotz Alai eta San Nikolas plazan. 
18:00etan erromeria "bidean" taldearekin, 
20:00etan kantaldia "Txarli-Joselu" bikotearekin. 
Animo eta aurrera Itxas Argia taldeari. 

Baionan kantuz: apirilaren 22an 20. urteurrena


Baionan Kantuz taldetik honako informazioa iritsi zaigu, alde batetik datorren Otsailaren 25ean egingo duten kantu saioa Baionako euskal museoan egingo dute, leku erakargarria benetan bai eskaintzen duen inguruneagatik, baita barruan gordetzen duen ondareagatik. Leku sinbolikoa eta egokia gure kantuen ohiartzunak hedatzeko. 
Bestetik, datorren apirilaren 22an Baionan Kantuz taldearen 20. urteurrena ospatuko dute. Ospakizun irekia eta erakargarria. Guztiekin goxatu ahal izateko antolaketa lanetan ari dira, denentzako bazkari gune handia prestatuz. Badakizue gorde eguna, eta animatu!. Informazio gehiago webgunean: Baionan Kantuz

2017/02/07

2017ko maskaradak Xiberuan

Hemen dituzue Xiberuko maskaraden egitaraua: Urtarrilaren 22an Ezpeizen; Urtarrilaren 29an Gotainen; Otsailaren 5ean Altzai-Lakarrin; Otsailaren 12an Altzurükün, Otsailaren 19an Muskildin; Otsailaren 26an Pagolan; Martxoaren 4an Maulen; Martxoaren 11an Idauzen; Martxoaren 18an, Iruri-Zalgizen; Martxoaren 26an Urdiñarben; Apirilaren 2an Larrainen; Apirilaren 9an Hokin; Apirilaren 16an Barkoxen: Apirilaren 23an Gameren; Apirilaren 30an Urrüstoin. Maskarada batera joan aurretik ez ahaztu honako irakurtzen, hemen klikatu: manexaren-gida-10-gomendio-maskaradetan-ez-galtzeko

Kantuz Kapare taldearen jarduna Noticias de Navarra egunkarian

Noticias de Navarra egunkariak jaso du talde honen berri. 
Txema Hidalgo Kapare kantuzalea lan ederra egin du Nafarroako aire zaharrak berreskuratzean, eta orain gutxi argitara eman ditu bere bi azken tomoak. Berarekin bat eginez talde bat osatu dut eta euskaraz kantatzeko hainbat ekimenetan parte hartzen dute. Elkarrizketa gazteleraz egon arren, hemen duzue Nafarroako egunkarian jasotakoa:  Noticias de Navarra artikulua

Santa Ageda koplak Agurainen

Aurtengo santa ageda koplakariak jaso ditugu Aguraingo herritik, hotzak eta elurrak ez dute eten kantuzaleen ahotsak!

2017/02/06

Dagoeneko antolaketa-lanetan ari dira Gasteizen aurtengo EUSKAL HERRIA KANTUZ eguna prestatzeko. Jakin ezazue aurten maiatzaren 27an ospatuko dugula kantuzaleon eguna. Beraz, gogoan izan eta gorde egun hau. 
Kantuak, musikak, dantzak,... izango ditugu aukeran elkarrekin goxatzeko. 
Araba, zazpigarren aldaba!!!

"begi urdin bat" Donostiako kaldereroen kantua

Hemen duzue Donostian ematen den ihauteri berezi horietako kantu eder bat, "begi urdin bat". Abesti honen hitzak eta audioa entzun nahi izanez gero, hemen klikatu:  Kaldereroen kantuak

Kantu-Kantari berriak: Josu Bergara eta bere "herri txiki zahar honetan"

Josu Bergara Eako (Bizkaia) kantautorea. 12 urtekin biolontxeloa jotzen hasi eta 18 urtekin gitarrari ekin zion. Bere lehen lana "karramarroen Hiria". 2015ean bere laugarren diskoa argitaratu du, "kanta txikien indarra". Informazio gehiago, eta bere kantuen letrak eta bideoak entzun nahi izanez gero: Josu Bergara

Arratia kantuz taldearen egutegia

Arratia kantuzetik datozen hilabeterako egutegia bidali digute. 2016ko abenduan hasitako bideari jarraipena emanik, hemen duzue Arratia kantuzen egutegia: Otsailak 24, 19:00etan, Arteako herriko plazan; Martxoaren 25ean, Igorren; Apirilaren 7an, Zeanuriko herriko plazan; Maiatzean (data zehaztu gabe) Diman; Ekainaren 18an, Bediako herriko plazan.

2017/01/16

Oskarbi taldea, 50 urte geroago Tolosan

Oarsoaldean sortutako talde mitikoaren Urrezko ezteiak bete dituzte 2016. urtean. Berriro elkartu, disko bat argitaratu eta hainbat emanaldi eskaini dituzte urteurrena ospatzeko. 
... eta datorren Urtarrilaren 27an, arratsaldeko 20:30ean, Tolosako Leidorren eskainiko dute beste emanaldi bat. 
Oskarbi taldekidea den Jose Luis Trekuri egindako elkarrizketa irakurri nahi baduzue, hemen klikatu:
Oskarbi taldearen inguruko elkarrizketa

Plentziatik kantuzaleentzako APP aplikazio berri bat

Honako informazioa iritsi zaigu.
Kantuzaleok badugu beste aplikazio berri bat, gure mobilaren bitartez kantuen hitzak eskura izateko. 
Kantari App-a, Bilbo Kantari/Zorrotza Kantari, Plentzia Kantari, Gabon Kantak, Athletic Kantari eta bestelako kantaldietan erabiltzeko euskal abestien liburuxka digitalak biltzen ditu. Bideo-karaokeak ere badaude. Orain eguneratua.
Nola instalatu, nola erabili jakin nahi baduzue hemen duzue informazio guztia:
KANTARI APLIKAZIO BERTSIO BERRIA
Lanketa honetan teknikari baten izena aipatu behar, bera Galder Segurola dugu. Zorionak eta eskerrak baliatutako tresnarengatik.

Gartxot eguna Itzaltzun, urtarrilaren 21-22an

"Gartxot" Itzaltzuko bardoaren izena gogoratzeko, aurten ere antolatu dituzte makina bat ekimen, tartean kantu saioak, kontzertuak, hitzaldiak, ibilaldiak, otorduak, e.a.
Bertako otorduetan izena emateko azken lekuak dituzte libre, beraz norbaitek joan nahi izanez gero, aguro ibili!
Bainan zein izan zen Gartxot?
Zer da Gartxot ekimena?
Informazio guztia webgune honetan aurkituko duzue:
GARTXOT, ITZALTZUKO BARDOA

2017/01/08

Urtarrilaren 13an kantu saioa Barakaldon


Urtea hasteko Barakaldotik bidali digute informazio berria. Urtarrilaren 13an lagun artean kantari 2017ko EUSKAL KANTU SAIOA antolatu dute. Barakaldoko Elexpuru, 7 helbidean aurkitzen den Nando tabernan arratsaldeko 20:00etan hasiko da kantu saioa. 
Beraz zorionak antolatzaileei eta animo kantuzalei bertara joateko.