Datorren martxoaren 29an, aurtengo KORRIKA amaituko da Bilbon. Orain arte euriari aurre egin behar izan badiogu, berotasunez agurtuko diogu Bilbon gure kantuen bitartez. Horretarako, arratsaldeko 16:30ean, Alde zaharreko Kalderapekon geldituko gara, kantujirari hasiera emateko.
Beraz badakizue, kantari eta euskaltzale guztiok... EUSKAHALDUN GUZIAK kantari!!!.
Datorren martxoaren 28an, larunbata, eguerdiko 12:30ean, Kontzejupeian hasiko dira kantari Oñatiko herritarrak. Antolatzaileak Txantxiku Ikastola eta Jose de Azpiazu musika eskola izan dira. Larunbatean egingo duten kantujirarekin ez da amaituko hauen kantu-jarduna, iraunkortasuna eman nahi diote dinamikari, eta aurreratu digutenez hileko azken larunbatetan irteteko asmoa daukate aurrerantzean. Kalean kantatzearen dinamika hedatzen ari da, herriz herri, auzoz auzo... jarraitu dezagun eragiten. Zorionak oñatiarrei eta antolatzaileei batez ere.
Martxoaren 21ean, Ondarruko Bekoizini antzokian aritu ziren jo ta ke, bertan Korrikaren arira antolatutako kantu bazkarian. Eta horrela dabiltza hauek, gaur hemen bihar han, etzi auskalo non. Bainan bereziki kontu bat azpimarratu nahiko nuke... Balmasedan Nafarroa kantu taldea sortu dutenetik, Balmasedan piztu duten griña, euskarara hurbilketa,... sekulakoa! Hori bai, argi dago Balmaseda txiki gelditu zaiela, eta giro alai eta euskaldun hori lau haizetara zabaltzen ari direla!. Begondeiela, Zorionak eta aurrera koadrila!!!
Datorren otsailaren 28an, eguerdiko 12:00etan, Usurbilgo Mikel Laboa plazatik abiatuko da modu berezian antolatu den kantujira. Edizio honetan ohi baino jendetsuago izatea espero da, bertara Gasteizko kantu taldearen laguntza izango baitute. Eguerdian kalez kaleko kantujiran ibili ostean, 14:30ean Saizar sagardotegian elkartuko dira bazkaltzeko.
Arratsaldean berriz Kirlometroen aldeko kantaldi ekitaldia izango dute Sutegi aretoan, Tapia eta Leturiaren emanaldia. Primerako egun pasa!.
“Kantu-taldea sortu dugu kantuzaleak batu, ingurukoak alaitu eta gure kultura sustatzeko” Kantu-taldea sortu dute Itxas-Argia kultur elkartean. Talde irekia da, edonork parte har dezake, kantatzen jakin edo ez. Hilean bitan elkartuko dira elkartearen egoitzan, entsegua egiteko, 19:00etan; eta hilean behin, Getxon eta Algortan erakutsiko dute entseguen emaitza, tabernaz taberna. Lau lagunek bultzatu dute ekimena, horien artean dago Patxi Lasa Etxezarreta. Elkarrizketa egin genuen lehen entsegutik egun batzuetara eta badirudi indartsu hasi direla, izan ere, 27 lagun elkartu ziren. Zuzendari lanak egiten ditu Josu Landeta Egurrolak. «Guztiz irekia da, bakarrik behar dira zaletasuna eta ondo pasatzeko gogoa»
Barakaldoko Laguntasuna elkarteko kideak KANTU EGUNA antolatu digute Barakaldon, datorren urriaren 19an, igandea. Eguerdiko 12:30ean, Elizateko plazan elkartuko dira talde guztiak, 13:00etatik aurrera berriz kantu saioari hasiera emango zaio, 14:00 eta dantzarako tartea muxikoak dantzatuz, eta 15:00etan herri bazkaria. Bazkaria 14 euro (menua+kafea+pattarra). Ordainketa egiteko azken eguna urriaren 15a. Sarrera egiteko kontua: 3035 0157 24 1571020400. Animatu eta zorionak Laguntasuna taldeari.