2019/11/30

KANTUA EUSKARA IKASTEKO TRESNA ERAGINKORRA

Orain 2 urte Xiberoko Gotain herrian abian jarri zuten dinamika berritzaile hau. Orain Maulen jarriko dute praktikan. 
Euskara ikasteko modu praktikoa da, modu naturalean, ingurugune eta giro lasaiean, edo alai batean gehiago, pertsonek beraien urduritasunak alde batera utzi eta euskara praktikatzen hasten dira konturatu gabe, kantuaren bitartez. 
Mintzapraktika egiteko beste modu berritzaile bat da, eta badirudi parte-hartzaileek gogo onez ari direla. Beraz, aurrera eta kantuz ere euskara praktikatu dezagun. 
INFORMAZIO GEHIAGO:

Xiberoko Botzak Etxahunen ekarpenaz gaüaldi bat antolatu du

Aurten 40 urte betetzen dira Etxahun Iruri zendu zela. Berak utzitako ondarea handia izan da gure kulturarentzat (kantuak, musika, pastoralak, idatziak,...). Horretaz mintzatzeko bere lana gertutik ezagutzen duten pertsonak bildu dira eta beren iritziak zabalduko dizkigute, horien artean: Jean Pierra Rekalt, Luxi Etxekopar, Allandu Etxahun, Mixel Arotze, Mixel Etxekopar, eta Maider Bedaxagar.
Azaroaren 29an bilduko dira Irurin arratseko 20.30ean.
Informazio gehiago hemen:
 Xiberoko Botza: ETXAHUN
Azaroaren 27an, Pasai Antxoko azken kantujiran jasotako bideoa.

Durangoko azokan AHOTSENEA sortzaileen gunea

Atari hertzean dugu DURANGOKO AZOKA, diska eta liburu ugari eskuratzeko aukera paregabea, eta bide batez musikariek zuzenean entzuteko ere bai. 
AHOTSENEA "sortzaileen gunea" deituriko espazioan euskal musikari eta kantuegileen lanak entzuteko aukera duzue datozen egun hauetan. 
Bertan estilo guzietako ordezkariak (roka, folka, trikitia, kantuegileak, ska, punk, ...). 
Hemen duzue EGITARAUA: 

LAU TEILATU: EITBk haurren minbiziaren kontrako kanpainan

Azken egunetan, abesti honekin dabiltza bueltaka (kantuzaleak, musikariak, futbolariak, suhiltzaileak, sukaldariak,...). Gure blogean 2 kantujiren bideoak igo ditugu, lehenengoa Azpeitikoa (zorionak ari zarete eta), eta bigarrena Sestao kantarien taldea. Espero dugu haurren minbiziaren aldeko kanpaina honek bere eragina izatea. Argi dagoena, gizarteko zati handi batek behingoz abestia ikasiko duela. Katalanak ere bere bertsioa sortu dute, eta horren lekuko LA PUCA taldeak eginiko bideo ederra.

Fermin Balentziaren bizitza eta kantagintza liburu batean

Fermin Balentzia, nafar kantuegilearen ibilbide luzea liburu batean isladatu dute, eta bide batez bere kantuak. Fermin Balentziak ez du hedabide publikoetan zabalkunde handirik izan bere bizitzan, disko grabaketarik ere ez, bainan txoko, plaza, auzo eta herri guzietan ezaguna dugu. Herriaren memoria, sentimendua, gogoa, aldarrikapenak eta ilusioak bere kantuen bitartez zabaldu ditu lau haizetara. Milesker egindako lanagatik, eta zure musikaren bitartez eskaini diguzun hainbeste plazerangatik. Durangon egongo da liburuak sinatzeko eta eskaintzeko, txalaparta argitaletxearen espazioan. Ongi izan eta laster arte Fermin!!!

2019/11/28

Iruñean Kantuz: kantujirak eta kantu-liburuxka berria

Iruñeatik jaso berri ditugu albiste onak.
Alde batetik, datozen egunetan Iruñean antolatutako kantujiren inguruko informazioa, eta bestetik kantu-liburuxka berriaren argitaratzea:
- Azaroaren 29an, Orreaga fundazioaren eskutik antolatuta "San Saturnino Kantari" izeneko kantujira, eguerdiko 12.00etan abian jarriko da Merkaderes plazatik. 
- Abenduaren 7an, larunbata, hileroko kantujira antolatu du Iruñean Kantuz taldeak. 
- Egun berean, hau da, abenduaren 7an, Iruñean Kantuz taldearen eskutik, 2020ko KANTUTEGI BERRIA lortzeko aukera izango dute bertaratzen diren kantuzaleak. 
ZORIONAK eta segi lanean Iruñean eta inguruan euskararen doinuak zabaltzen. 

2019/11/14

KANTUA, TRANSMISIORAKO BIDE

Kalean kantatzea dinamika ludiko-musikala hutsa dela pentsatuko dute askok, kaleak animatzeko pentsatutako ekimen ireki bat besterik gabe, bainan ez... horren atzean euskal kultura indartzeko transmisio lanketa garrantzitsu bat dugu. Horrela dio Nagore Arinek Berrian argitaratutako artikuluan, bere hitzetan kantatzea Euskal Herriaren historiaren eta ondarearen espresiobide da. 
Irakurtzeko hemen sakatu: 
BERRIA: "kantua, transmisiorako bide"

2019/11/09

Amezketa Kantari: hiruhilerako egitaraua

Amezketan kantari taldeak datozen  hilebetean kantuzaletasuna bultzatzeko egitaraua osatu du. Guri bidali eta guztion artean partekatzeko eskatu digute. Hemen duzue beraien proposamenak:
Urriak 24: pintxo poteoa kantuz antolatu zuten programari hasiera emateko.
Azaroak 9: Kantu bazkaria eta ondoren kantujira BMA taldearen laguntzaz.
Abenduak 1: Euskararen eguna ospatzeko kantujira eguerdian hasita. 
Abenduak 24: Herriko kantu saioa programari amaiera emateko. 
Amezketarrak segi lanean eta kantari!