EHUko Mikel Laboa Katedrak antolatuta, Ez Dok Amairu oroituz jardunaldiak
egingo dira, abenduaren 9an eta 10ean, Donostiako San Telmo museoan, 19:00etatik
aurrera. 60 eta 70. hamarkadetako garai hura ikertzaile eta sortzaile
gazteen eskutik gogora ekartzeko egitaraua prestatu dute antolatzaileek.
Abenduaren 9an, asteazkena, Iñar Sastre pianistak Aire berriak obra interpretatuko du —Laboa Katedrak antolatutako sarian akzesita irabazi berri du Sastrek beste lan batekin—, eta ondoren hiru hitzaldi labur entzun ahal izango dira San Telmo museoan: Ana Gandarak bere doktore-tesia aurkeztuko du Ez Dok Amairuren garaia: hurbilketa bat izeneko hitzaldian, Enrike Hurtadok txalapartaren eta musika garaikidearen arteko uztarketa aztertuko du (Txalaparta eta John Cage Euskal Herrian egon zenekoa: Iruñeko musika garaikideko topaketak), eta Imanol Artolak Benito Lertxundiri buruz nazio-eraikuntzaren ikuspegitik egin duen ikerketa azalduko du (Benito Lertxundi eta Ez Dok Amairu).
Abenduaren 10ean, osteguneko jardunaldian ere Iñar Sastrek zabalduko du, Piano gogoeta 13 obraren interpretazioarekin. Ez Dok Amairu eta dantza izango da bigarren eguneko hitzaldi nagusiaren gaia. “Ez
Dok Amairuk musika alorrean ekindako bidearen parekoa egin zuen
dantzaren alorrean Argia dantzari taldeak. Hain zuzen ere, bateratsu
hasi eta ibili ziren musikari eta dantzariak lehen urteotan, eta
elkarren arteko kolaborazioak ohikoak izan ziren”. Ez Dok Amairu eta
dantzaren artean izan ziren loturak eta horien ekarpenak aipatuko
dituzte Oier Araolazak, Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek.
Musika, poesia eta irudi emanaldi batek itxiko ditu jardunaldiak. Itzal Zaunka eskainiko dute Jexuxmai Lopetegi abeslariak, Harkaitz Cano idazleak eta Antton Olariaga marrazkilariak. Satxa Soriazuk (pianoa) eta Julen Izarrak (saxofoia) lagunduko diote Lopetegiri Canoren testuak musikatzen. Hemen entzun dezakezu bertan joko dituzten kantuetako bat, “Dantzari bakartia”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario