2015/03/30

Elgetan, maiatzaren 17rako, Debagoieneko kantu eguna antolatzen.

Udaberria indartsu datorkigu kantu saio ezberdinekin. Aurten Debagoieneko KANTU eta DANTZA eguna antolatu dute. Lehen aldia da horrelako ekimen bat antolatu dutela. Elgetarrak Euskal Herriko kantu taldeetako kideak gonbidatu nahi dituzte ekimen honetara. Denboraz bidali digute informazioa beraz ez dago aitzakirik gure agendatan eguna ongi gordetzeko.   Egitaraua kartelean duzue. Bertara joateko asmoa duzuenok menua 15 eurotan izango duzue, eta izena eman beharko da maiatzaren 11 bitartean.  Ordainketa K/K zenbaki honetan egin: ES61 3035 0009 11 009 0 90003 9.   Informazio gehiago eskatzeko, edota joateko asmoaren berri emateko: danonartian@elgeta.net  /  943-768022 (Patxi Basauri. Udaletxeko turismo batzordeburua).  Besterik gabe, animatu eta aurrera!.  

2015/03/27

Donostian ere euskaraz! kantuz egingo den aldarria martxoaren 28an.

Datorren martxoaren 28an, Donostiako Plaza Berria edo Konstituzio plaza herritarrez bete nahi dute, euskararen aldeko hautua berresteko, Donostian euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko. Eta ekitaldi horretan ez da kantua faltako. Donostiako kantu taldeak bertan egongo dira, eta bertsoekin lagunduta, euskararen aldeko abestia kantatuko dugu. Animatu, zatoz bertara, puztu zure globoa, eta indartsu abestu gure hizkuntzaren aldeko aldarria!.

Korrikaren amaieran ere kantujira Bilbon!

Datorren martxoaren 29an, aurtengo KORRIKA amaituko da Bilbon. Orain arte euriari aurre egin behar izan badiogu, berotasunez agurtuko diogu Bilbon gure kantuen bitartez. Horretarako, arratsaldeko 16:30ean, Alde zaharreko Kalderapekon geldituko gara, kantujirari hasiera emateko.
Beraz badakizue, kantari eta euskaltzale guztiok... EUSKAHALDUN GUZIAK kantari!!!.
Ikusi bideoa eta ikasi DENOK KORRIKARA!!!


2015/03/26

Oñatin kantujira taldea eratu eta lanean hasi dira. Herrixa kantuan!!!


Datorren martxoaren 28an, larunbata, eguerdiko 12:30ean, Kontzejupeian hasiko dira kantari Oñatiko herritarrak. Antolatzaileak Txantxiku Ikastola eta Jose de Azpiazu musika eskola izan dira. Larunbatean egingo duten kantujirarekin ez da amaituko hauen kantu-jarduna, iraunkortasuna eman nahi diote dinamikari, eta aurreratu digutenez hileko azken larunbatetan irteteko asmoa daukate aurrerantzean. Kalean kantatzearen dinamika hedatzen ari da, herriz herri, auzoz auzo... jarraitu dezagun eragiten. Zorionak oñatiarrei eta antolatzaileei batez ere. 


2015/03/25

Balmasedako Nafarroa Kantu Taldeari zorionak!

Martxoaren 21ean, Ondarruko Bekoizini antzokian aritu ziren jo ta ke, bertan Korrikaren arira antolatutako kantu bazkarian. Eta horrela dabiltza hauek, gaur hemen bihar han, etzi auskalo non. Bainan bereziki kontu bat azpimarratu nahiko nuke... Balmasedan Nafarroa kantu taldea sortu dutenetik, Balmasedan piztu duten griña, euskarara hurbilketa,... sekulakoa! Hori bai, argi dago Balmaseda txiki gelditu zaiela, eta giro alai eta euskaldun hori lau haizetara zabaltzen ari direla!. Begondeiela, Zorionak eta aurrera koadrila!!!

2015/02/27

Otsailaren 28an, Gasteiz-Usurbil Kantu topaketa Usurbilen

Datorren otsailaren 28an, eguerdiko 12:00etan, Usurbilgo Mikel Laboa plazatik abiatuko da modu berezian antolatu den kantujira. Edizio honetan ohi baino jendetsuago izatea espero da, bertara Gasteizko kantu taldearen laguntza izango baitute. Eguerdian kalez kaleko kantujiran ibili ostean, 14:30ean Saizar sagardotegian elkartuko dira bazkaltzeko. 
Arratsaldean berriz Kirlometroen aldeko kantaldi ekitaldia izango dute Sutegi aretoan, Tapia eta Leturiaren emanaldia. Primerako egun pasa!.

2014/12/30

Getxon kantujira talde berria, "Itxasargia kantari kanta"

Itxas-Argia kantari kanta

Kantari kanta taldekoak / argazkia UK aldizkaria
Kantari kanta taldekoak / argazkia UK aldizkaria
“Kantu-taldea sortu dugu kantuzaleak batu, ingurukoak alaitu eta gure kultura sustatzeko
Kantu-taldea sortu dute Itxas-Argia kultur elkartean. Talde irekia da, edonork parte har dezake, kantatzen jakin edo ez. Hilean bitan elkartuko dira elkartearen egoitzan, entsegua egiteko, 19:00etan; eta hilean behin, Getxon eta Algortan erakutsiko dute entseguen emaitza, tabernaz taberna. Lau lagunek bultzatu dute ekimena, horien artean dago Patxi Lasa Etxezarreta. Elkarrizketa egin genuen lehen entsegutik egun batzuetara eta badirudi indartsu hasi direla, izan ere, 27 lagun elkartu ziren. Zuzendari lanak egiten ditu Josu Landeta Egurrolak.
«Guztiz irekia da, bakarrik behar dira zaletasuna eta ondo pasatzeko gogoa»